Arkitekto Tekniko Eta Eraikingintzako Ingeniari Lanbideak

Arkitekto Tekniko Eta Eraikingintzako Ingeniari Lanbideak

Arkitekto Teknikoak, egun, karreran eskuraturiko ezagutzak direla-eta, eginkizun oso garrantzitsua du eraikingintzaren sektorean. Teknikak dakizkien eta eraikitze-prozesuari aplikatzen dizkion generalista gisa, eginkizun hori beste herrialde batzuetan —bereziki, Europar Batasunekoetan, baita Estatu Batuetan eta Kanadan— garatzen duten Ingeniari Zibilenarekin estuki lotuta dagoen irudia da.

Horren esku hartzea ez da mugatzen eraikitzeko teknikak diseinatu eta aplikatzera, baizik eta gero eta eginkizun nagusiagoa du higiezinen prozesua kudeatzean. Hala, honako zereginak garatzen ditu, besteak beste: aholkularitza kontratatzean eta produktuak, materialak eta instalazioak aukeratu eta erostean; edo administrazio-baimen eta –lizentziak lortzea; edo sustapenaren ikerketak eta finantza-programazioa egitea; edo obra-kontratuaren eta hornidura-kontratuen betetzearen jarraipena egitea... “Project management” edo “proiektuaren kudeatzaile” izenekoaren eginkizun propioa da.

Hori guztia eraikuntzaren kudeaketa ekonomikoa kontuan hartu gabe. Kudeaketa horrek obra-unitateen ohiko neurketa eta balorazio ekonomikoen alderdiak hartzen ditu barne, horien zuzendaritzaren ondorioz. Eta azken eginkizun hori lanbidearen ezaugarri bereizgarria da.

Horri gero eta handiagoa den esku hartzea eransten zaio, zenbaitetan Autonomia Erkidegoetako araudiak ezartzen duena, programazio eta kalitate-kontrol gaietan; horrek inplizituki daraman guztiarekin.

Lanbideak eraikuntzako langileen segurtasun eta osasunarekiko duen lotura eta konpromisoa ez da duela gutxikoa, eta sobera ezaguna da sektorearekin zerikusia duten pertsona eta erakunde guztien artean. Beharbada inguruabar horren emaitza izango da, arkitekto teknikoen prestakuntza bereziaz gainera, Espainiako eraikingintzako obretan ari diren “Segurtasun- eta osasun-koordinatzaile” gehienak aparejadore edota arkitekto tekniko izatea.

Bada lanbide-jardunaren alderdi bat pixkanaka ospe eta garrantzia handiagoa eskuratuko duena, eraikitze-jarduerari eragiten dion eta handituz doan industrializazio-prozesua dela-eta; honakoa, hain zuzen: eraikuntzarako materialak eta elementuak fabrikatzeko prozesuetako esku hartzeari dagokiona (eta, bereziki, horien ekoizpenaren kontrolari dagokiona). Izan ere, pixkanaka, jasotzeko kontrola ordezkatuko duela aurreikus daiteke.

Beste eginkizun batzuek ere jarduera-espektro garrantzitsua dakarte: besteak beste, higiezinen peritatze eta balorazioak (bereziki, hipoteka-merkatuan); orubeen eta eraikinen planoak altxatzea; eraikitako eraikinen zaintze-egoerari eta erabilerari buruzko txostenak egitea; eta peritatze judizialak. Eta ez dugu ahaztu behar obra-buruzagitza. Izan ere, lanbide-jardunean nabarmendu daitekeen beste alderdi bat da (bereziki sustapen handietan); eta, EALa atera ondoren, biziki sustatu dena, lanbide-eginkizun horren inguruan lege horren 11.2.c) artikuluan jasotako berariazko konfigurazioaren ondorioz.

Hori guztia alde batera utzita, proiektuaren jarduera geratzen da, bereziki garrantzitsua dena eraikitako eraikinak birgaitu, konpondu eta finkatzeko obren eremuan eta merkataritza-lokalak egokitu eta apaintzekoetan. Izan ere, aipaturikoek obren zuzendaritza eraman ohi dute berekin, indarrean dagoen legerian ezarritako eran.

Irakaskuntzaren eta funtzio publikoa betetzearen arloa esku hartze profesionaleko eremu oso garrantzitsua da. Ezin da ahaztu, Espainian dauden udalerri —8.000tik gora— gehienetan, zerbitzu teknikoak Arkitekto Teknikoek burutzen dituztela. Horren ezarpena kontuan hartzekoa da Erkidegoetako Administrazioetan eta baita Administrazio Zentralean ere.

Arkitekto Teknikoak, beren prestakuntza-ezaugarriak direla-eta, oso moldaerrazak dira, eta horrek lan-merkatuko inguruabar aldakorretara egokitzeko aukera ematen die. Ondorioz, oro har, lanbide horretako langabezia-indizea txikienetakoa da.

Zenbait administrazio-arauk eta lege-xedapenek Arkitekto Teknikoaren lanbide-jarduera arautu dute: horien artean, bereziki, 12/1986 Legeak. Lege horrek beren eskuduntzak arautu ditu, horien lanbide-jardunaren izaera aske eta autonomoa eta erabateko erantzukizuna azpimarratuz. Legeak Arkitekto Teknikoei aintzatesten dizkien eskuduntzen artean, Aparejadorearen lehengo tituluarenak zirenak daude (otsailaren 19ko 16/07/35 eta 265/1971 Dekretuak); eta aipaturikoak lege horri lotutako eraikingintzako obra orotan bildu behar diren esku hartze tekniko-profesionalak arautu ditu, agente guztien betebehar, eskubide eta erantzukizunak finkatuz.

Otsailaren 1eko 119/1973 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, dagokien Lanbide Elkargoko kide diren Aparejadore eta Arkitekto Teknikoek Apaintzaileen apirilaren 1eko 902/1977 EDan araututako eginkizun propioak ere burutu ahal izango dituzte.

Eta, azkenik, aipatu beharra daukagu ERAIKINGINTZA ANTOLATZEKO azaroaren 5eko 38/1999 LEGEAk (EAL) Arkitekto Teknikoaren irudiari egiten dion aintzatespenak merezi duen garrantzia berezia. Ez dago zalantzarik eraikingintzan zuzendaritza bikoitzaren irudia (“zuzendaritza fakultatiboa”) egotea mantendu ez ezik, EALarekin behin betiko onespena jaso duela. Aipaturiko legeak Arkitekto Teknikoak “Obra Burutzeko Zuzendari” gisa duen nahitaezko esku hartzea finkatzen du; eta esku hartze hori dagoeneko 1935eko uztailaren 16ko Dekretuan jasota dago, baina, orain, lege-maila eman dio.

EALak Arkitekto Teknikoak “Obra Burutzeko Zuzendari” gisa duen nahitaezko esku hartzea zabaldu ere egiten du obra-zuzendaria Arkitekto den obra guztietara, baita industria-erabileratara zuzendurikoetara eta orain arte gure esku hartzea derrigorrezkoa ez zen beste batzuetara ere. Gainera, EALak aldi berean bi zuzendaritza tekniko bereizi eta aske egoteari ematen dion tratamendua beren erabateko justifikazio teknikoa onartzetik dator. Hortaz, ez dago inolako mendeko harremanik obran esku hartzen duten fakultatiboen artean; horietako bakoitzak bere eginkizun, gaitasun eta erantzukizun propio eta baztertzaileak baititu, argi eta garbi lotuta bada ere.

ARKITEKTO TEKNIKOAK, EAL-ETIK ABIATUTA, OBRA BURUTZEKO ZUZENDARI GISA DITUEN EGINKIZUNAK

Zuzendaritza Fakultatiboko kide bezala (Zuzendaritza hori Obra-zuzendariak, Obra Burutzeko Zuzendariak eta, dagokionean, burutze-faseko Segurtasun- eta Osasun-koordinatzaileak osatzen dute):

  • Obraren burutze materiala zuzendu eta kalitate eta kopuru aldetik eraikuntza eta eraikitakoaren kalitatea (kalitate-kontrola) kontrolatzeko eginkizun teknikoa bere gain hartzen du.
  • Obran eraikuntzako produktuak jaso diren egiaztatzen du, eta entsegu eta probak egin daitezela agintzen du.
  • Obraren burutze materiala zuzentzen du, proiektuaren eta Obraren Zuzendariaren jarraibideen arabera, zuinketak, materialak eta eraikuntzako elementuen eta instalazioetako elementuen burutze eta antolaketa zuzena egiaztatuz.
  • Agindu eta Laguntzen Liburuan beharrezkoak diren jarraibideak idatziz jasotzen ditu.
  • Obraren zuinketari edo hasierari buruzko akta eta obra amaierako ziurtagiria sinatzen ditu (obra hartzeko aktarekin aurkeztea nahitaezkoa dena).
  • Burututako obra-unitateen ziurtagiri partzialak eta amaierako likidazioa egin eta sinatzen ditu.
  • Material, sistema edo instalazioen zerbitzuaren inguruko entsegu edo proben emaitzak jasotzen ditu. Eraikinaren kalitatea kontrolatzen duten erakunde eta laborategiek, laguntza teknikoa eskaini behar izateaz gain, emaitza horiek nahitaez eman behar dizkiote.
  • Burututako obraren inguruko agiriak (Eraikinaren Liburua) egiten laguntzen du eta egindako kontrolaren emaitzak ematen ditu.

ARKITEKTO TEKNIKOAK, EAL-ETIK ABIATUTA, ERAIKINGINTZAN EGIN BEHARREKO ESKU HARTZEAK

  • Nahitaezkoa, Obra Burutzeko Zuzendari eta Zuzendaritza Fakultatiboko kide gisa:
    • a)* multzoko eraikuntza berriko obra guztietan; alegia, erabilera nagusitzat honakoa dutenetan: mota guztietako egoitzakoa, administratiboa, osasun arlokoa, erlijiosoa, irakaskuntzakoa eta kulturala. Halaber, eta Obra-zuzendaria Arkitektoa bada, b)* multzoko eraikinen eraikuntzetan. Alegia, erabilera nagusitzat honakoa dutenetan: aeronautikoa; nekazaritza eta abeltzaintzakoa; energiaren arlokoa; hidraulikoa; meategietakoa; telekomunikazioetakoa; lurreko, itsasoko, ibaiko eta aireko garraiokoa; industriala; ontzigintzakoa; saneamendu- eta higiene-ingeniaritzakoa; eta ingeniaritzako obretara sartu eta horiek ustiatzekoa.
    • Arkitektoak proiektuan sartu eta zuzenduriko obra guztietan, aurreko atalean aipatutako erabilerei dagozkien dagoeneko badiren eraikinen gainean egiten direnetan; erabateko esku hartze izaera badute. Edo, esku hartze partzialak baldin badira, kanpoko osaera orokorraren, bolumetriaren edo egitura-sistema osoaren funtsezko aldaketa badakarte edo helburutzat eraikinaren erabilera bereizgarriak aldatzea badute. Kasu guzti horiek eraikinaren “konfigurazio arkitektonikoa” aldatzen dute.
  • Katalogatutako edo ingurumen-izaerako babesen bat edo babes historiko-artistikoren bat duten eraikinetan, Arkitektoak proiektuan sartu eta zuzendurikoetan; baita babestu beharreko elementu edo zatiei eragiten dieten izaera partzialeko obretan ere.
  • Aukerakoa (obra- eta burutze-) proiektuan eta zuzendaritzan, honakoetan:
    • Eraikuntza berriko obretan edo c) * multzoan ageri diren dagoeneko badiren eraikinetako esku hartzeetan; alegia, a) eta b)- multzoetan zerrendatuta ageri ez diren erabilerak dituztenetan, lanbiderako indarrean dauden lege-xedapenei jarraiki eta beren berezitasun eta berariazko eskumenen arabera.
    • Eraikitzeko garrantzia eskasa eta erraztasun teknikoa duten oinplano berriko obretan; aldi baterako edo etengabe, egoitza-izaera eta izaera publikoa ez dutenetan, eta solairu bakarrean garaturikoetan.
    • Dagoeneko badiren eraikinetako handiagotu, aldatu, zaharberritu edo birgaitzeko obretan; esku hartze osoko izaera ez dutenetan, horien kanpoko osaera orokorraren, bolumetriaren edo egitura-sistema osoaren funtsezko aldaketa ez dakartenetan eta eraikinaren erabilera bereizgarria aldatzen ez dutenetan.
    • Eraispen-obretan.
    • Apaintze-obretan.
    • Eraikintzat hartzen ez diren beste obra eta eraikuntza batzuetan, beren berezitasunaren arabera.
  • Beste esku hartze batzuk
    • Segurtasun- eta osasun-ikerketak idatzi eta sinatzea eta segurtasun- eta osasun-planak idaztea. Jarduera horien aurreko laguntza teknikoa.
    • Proiektu- eta burutze-fasean eraikuntza-obretako segurtasun eta osasunaren koordinazioa, Zuzendaritza Fakultatiboan sartuz.
    • Proiektu partzialak edo agiri teknikoak idaztea, sinadura eta erantzukizun propioarekin, lanbidearen berezitasunei eta berariazko eskumenei dagozkien alderdi zehatzetan.
    • Sinadura eta erantzukizun propioarekin, neurketak, kalkuluak, balorazioak, tasazioak, peritatzeak, ikerketak, txostenak, lanen planoak eta antzeko beste lan batzuk egitea.
* EALak ezarritako ondorioetarako, eraikinak sailkatzen diren a), b) eta c) multzoak horren 2.1. artikuluan agertzen dira.

ARKITEKTO TEKNIKOKO KARRERA

Ziklo bakarra eta amaierako titulua duen unibertsitate-karrera da, Europar Batasuneko Kontseiluaren 89/48/EEE Zuzentarauaren baitan sarturikoa. Zuzentarau horrek Erkidegoko herrialdeetan lorturiko goi-mailako irakaskuntzako tituluen —hiru ikasturte edo gehiagoko iraupen akademikoa duten bigarren irakaskuntzaren ondoko ikasketei dagozkienen— aintzatespena babesten du.

Uztailaren 17ko 927/1992 Errege Dekretuak Arkitekto Teknikoko titulu ofiziala lortzera bideraturiko Ikasketa-planen Zuzentarau orokorrak ezarri ditu. Ikasketa-plan guztietan nahitaez sartu beharreko enborreko irakasgaiak honako taula honetan ageri direnak dira.

IRAKASKUNTZEN ANTOLAKETA 927/1992 ED-AREN ARABERA

Uztailaren 17ko 927/1992 Errege Dekretua. Horren bitartez, Arkitekto Teknikoko unibertsitate-titulua eta titulu hori lortzera bideraturiko ikasketa-planen zuzentarau orokorren onarpena ezarri da. (1992-08-27 EAO) ETA (01.09.18 EAO)

Arkitekto Teknikoa

ENBORREKO IRAKASGAIEN ZERRENDA
LEHEN ZIKLOA KREDITUAK GUZTIRA JAKINTZA-ARLOAK
Eraikuntzaren legezko alderdiak. Hirigintza-kudeaketa. Legeri orokorra eta sektoreari aplikatua. Hirigintza-kudeaketa. 6
  • Administrazio-zuzenbidea
  • Enpresen antolakuntza.
  • Hirigintza eta Lurraldearen Antolamendua.
Ekonomia Aplikatua. Ekonomia orokorra eta sektoreari aplikatua. Enpresen antolakuntza. 6
  • Ekonomia Aplikatua
  • Enpresen antolakuntza.
Eraikingintza, Kalitate- kontrola, eraikinen eta arkitektura eraikuntzen mantenua eta birgaitzea. Eraikuntzaren Historia. Tipologia eta sistema hezigarriak. Patologia: eraikinak zaharberritu eta birgaitzeko teknika etiologikoak. Kalitatea Kontrolatzeko Teknikak. Mantentzeko teknikak. Araudiak 21
  • Eraikuntzaren ingeniaritza
  • Ingurumen Jarraituen Mekanika eta Egituren Teoria.
  • Arkitektura Eraikuntzak
Obrarako Ekipoak, Instalazio eta Baliabide Lagungarriak. Premien analisia. Obrak burutzeko ekipo, instalazio eta baliabide lagungarrien ezaugarriak. Araudiak 6
  • Ingeniaritza Mekanikoa
  • Ingeniaritza Hidraulikoa
  • Ingeniaritza Elektrikoa
  • Arkitektura Eraikuntzak
Eraikuntzaren egiturak. Elastikotasuna eta Plastikotasuna. Materialen erresistentzia. Zoruaren mekanika eta zimentazioak. Egitura-tipologiak. Eraikuntza-egiturak. Araudiak. 12
  • Arkitektura Eraikuntzak
  • Ingurumen Jarraituen Mekanika eta Egituren Teoria.
Eraikuntzari eta arkitektura eraikuntzei aplikaturiko adierazpen grafikoa. Geometria deskribatzailea. Arkitektura Irudigintza. Ordenagailu bidezko diseinua. Araudiak. 9
  • Arkitektura Eraikuntzak
  • Adierazpen Grafiko Arkitektonikoa.
Arkitektura Teknikoaren Oinarri Fisikoak. Mekanika orokorra eta fluidoena. Akustika. Optika. Termodinamika. Elektrizitatea. Elektromagnetismoa. 6
  • Elektromagnetismoa
  • Fisika Aplikatua.
  • Optika
Arkitektura Teknikoaren Oinarri Matematikoak. Aljebra lineala. Geometria-kalkulua. Zenbakizko metodoak. Estatistika. 9
  • Analisi Matematikoa
  • Estatistika eta Ikerketa Operatiboa
  • Matematika Aplikatua
Instalazioak. Egokitzeko teknikak. Instalazio elektriko, mekaniko eta hidraulikoak. Eraikuntzako beste zenbait instalazio. Kontrola. Araudiak. 12
  • Ingeniaritza Mekanikoa
  • Ingeniaritza Hidraulikoa
  • Ingeniaritza Elektrikoa
  • Arkitektura Eraikuntzak
Eraikuntzarako materialak. Materialen teknologia. Kimika Aplikatua. Entseguak. Kontrola. Ingurumen- inpaktua. 15
  • Materialen Zientzia eta Ingeniaritza Metalurgikoa.
  • Ingurumen Jarraituen Mekanika eta Egituren Teoria
  • Ingurumenaren Teknologia
  • Arkitektura Eraikuntzak
Obren antolakuntza eta kontrola. Neurketak, aurrekontuak eta balorazioak. Obrak aztertu, antolatu, programatu eta kontrolatzeko teknikak. Neurtu eta baloratzeko teknikak. Prezioen analisia eta osaera. Baliabideak optimizatzeko metodoak. Araudiak. 18
  • Enpresen antolakuntza
  • Arkitektura Eraikuntzak
Segurtasuna eta Prebentzioa. Analisia, prebentzioa eta kontrola. Araudiak. 6
  • Enpresen Antolakuntza
  • Arkitektura Eraikuntzak
  • Lanaren eta Gizarte-segurantzaren Zuzenbidea
Topografia eta Zuinketak. Datuak hartu, prozesatu eta irudikatzeko teknikak. Zuinketak. 6
  • Adierazpen Grafiko Arkitektonikoa
  • Ingeniaritza Kartografikoa, Ingeniaritza Geodesikoa eta Fotogrametria
Proiektuak. Bulego Teknikoa. Proiektuen metodologia, antolakuntza eta kudeaketa. Araudiak. Karrera-amaierako proiektuaren eraketa, integrazio edo sintesirako ariketa gisa. 6
  • Adierazpen Grafiko Arkitektonikoa
  • Eraikuntza-ingeniaritza.
  • Arkitektura konposizioak
ERAIKINGINTZAKO INGENIARI KARRERA

1393/2007 Errege Dekretuaren bitartez, Espainiako unibertsitate-irakaskuntza ofizialak Goi-mailako Irakaskuntzako Europar Eremura egokitu ziren, eta horien ildo nagusiak Sorbonako eta Boloniako Adierazpenek zehaztu zituzten.

Erreforma horren ondorioz, Eraikingintzako Ingeniari Gradu-titulua sortu da, eta titulu horrek Arkitekto Teknikoaren lanbide arautuaren jardunerako bide ematen du. Honako hauek dira Arkitekto Teknikoaren lehengo titulua ordezkatzen duen Eraikingintzako Ingeniari Gradu-titulu berriaren sorrerako agiri nabarmenenak:

  • 2007ko abenduaren 29ko EAOak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Agindua —Arkitekto Teknikoaren lanbide arautuaren jardunerako gaitzen duten unibertsitate-titulu ofizialak egiaztatzeko baldintzak ezarri dituena— argitaratu du.
  • Ministroen Kontseiluaren Erabakia. Horren bitartez, titulu berria —GIEEra egokitua— arautuko duten baldintzak onartu dira.
  • 1393/2007 ED. Horren bitartez, unibertsitate-irakaskuntza ofizialen antolamendua ezarri da.