Elkargo-antolakuntza

Arkitektura Teknikoaren Elkargo-Antolakuntza

Elkargo-Antolakuntza

Elkargokide diren Arkitekto Teknikoen lanbide-multzoan, egun (2009ko azaroa), gutxi gorabehera, 57.500 jarduneko daude Espainia osoan. Elkargo-egitura berrogeita hamabost Elkargo Ofizialek osatzen dute, Kontseilu Orokorraren bitartez koordinatzen direnak, eta Zuzenbide Publikoko Korporaziotzat hartzen direnak.

Horrez gain, lanbide-erakundeak daude Autonomia Erkidego mailan (“Elkargoen Kontseilu Autonomikoak”). Horietako batzuk beren legeria propioaren aginduz eratuta daude; eta besteak beren lurraldean dauden Elkargoen borondatez, horiek arautzen dituzten legeak ateratzen badira, bakoitzaren Autonomia Estatutuetan xedaturikoari jarraiki.

Aipaturiko Lanbide-korporazio guztiak, lanbide-jarduna eta –deontologia antolatu eta kontrolatzeko eginkizunez gain, elkargokideen zerbitzura dauden erakunde bezala eratzen dira, eta eginkizun horiek honakoen bidez burutzen dituzte: lan-enkarguak erregistratuz eta agiri teknikoak ikus-onetsiz; ordainsariak kobratzeko borondatezko kudeaketaren bitartez; alderdi juridiko, laboral eta fiskaletan aholkularitza eta laguntza emanez; sare informatikoen bitartez datu-base nazional eta atzerrikoetara sartuz; eta graduondoko ikastaroak eginez. Halaber, honakoak dira gure Elkargoek ematen dituzten Gizartearekiko prestazioak: jarduera tekniko eta kulturalak sustatzea; liburutegi espezializatuak mantentzea; Herri Administrazioekiko eta Zientzia eta Teknologiako Zentroekiko laguntza (bereziki, Arkitektura Teknikoko Unibertsitate-eskolekin); testu argitaragabe edo arraroak berreskuratu eta argitaratzea; beren bitarteko, buletin eta aldizkarien bitartez berriak hedatzea; erakusketa eta lehiaketak ospatzea; etab.

EBeko beste herrialde batzuetako teknikoek —Arkitektura Teknikoarekin homologatu daitekeen titulua dutenek— Espainian ezartzeko eta lanbide-jardunerako duten eskubideari buruzko Erkidegoko Araudia ezartzeko, Kontseilu Orokorrak bere gain hartu ditu Espainiako lege-xedapenek horretarako ematen dizkioten esku hartzeko eta kontrolatzeko eginkizunak.

Elkargoek beren egoitza probintziako hiriburu bakoitzean dute, Kanaria Handia, Fuerteventura, Ibiza, Lanzarote, Menorca eta Terres de L'Ebre-koek izan ezik. Eta Madrilen dago Kontseilu Orokorrarena. Horiek maiatzaren 13ko 1471/1977 Errege Dekretuaren bitartez onetsiriko Estatutuen bitartez arautu dira; eta Estatutu horiek honakoek aldatu dituzte: otsailaren 16ko 497/1983 Errege Dekretuak; maiatzaren 18ko 542/2001 Errege Dekretuak; eta urriaren 30eko ..../2009 Errege Dekretuak.

Garrantzitsua da nabarmentzea lanbide-erakundeak birziklatzera eta elkargokideak etengabe prestatzera bideratzen dituen jarduerak sustatzeko egiten duen ahalegina (askotan Unibertsitateen laguntzarekin), beren lanbide-trebakuntzan prestakuntza- eta lehiakortasun-maila handia mantentzeko asmoz. Horretarako, hainbat Batzorde daude, honako gai hauetan lanean dihardutenak: teknologia eta ingurumena; graduondoko prestakuntza, irakaskuntza eta jarduerak; lanbide-jarduna (ekonomia eta eraikuntzaren kalitate-kontrola, segurtasuna, etab.); nazioarteko harremanak; informazioa; EALaren aplikazioa; etab. Horretarako, beharrezkoak diren giza-baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak ditu.

Gizarte-aurreikuspenaren eta erantzukizun zibil profesionala aseguratzearen alderdiak lanbide-erakundeak eskatuta eraturiko erakunde banak —mutuaren forma juridikoa dutenek— artatzen dituzte. Horien artean, PREMAATek (Aparejadoreen eta Arkitekto Teknikoen Aurreikuspen-mutua) elkargokideen gizarte-aurreikuspeneko beharrak estaltzen ditu (erretiroa, alarguntzea, gaixotasunak eta bestelako gertakari batzuk); eta MUSAATek (Prima Finkoko Aseguru-mutua), aldiz, bere jarduera, batez ere, elkargokideen lanbide-jardunetik eratorritako erantzukizun zibilaren borondatezko asegurua estaltzera eskaintzen du; beste gertakari batzuetarako asegurua ere baduen arren: eraikuntzaren hamar urterako asegurua, ibilgailuen asegurua, arrisku anitzetarakoa, istripuetarakoa, etab.

Lanbide-erakundeak aldizkako informaziorako organoa dauka, CERCHA aldizkaria. Aipaturikoa Kontseilu Orokorrak, Premaat-ek eta Musaat-ek argitaratzen dute, eta talde osoaren artean banatzen da.

Gainera, Elkargoek eta Lanbide-erakunde Autonomikoek aldizkako izaera duten informazio-aldizkari edo -buletinak dituzte beren elkargokideentzako.

Kontseilu Orokorra

Arkitekto Teknikoen lanbide-taldeak, Kontseilu Orokorrak ordezkatzen duenak, modu aktiboan hartzen du parte, maila nazionalean zein nazioartekoan, eraikuntzaren alderdiekin zerikusia duten hainbat jardueratan.

Espainian, Kontseilu Orokorra honako erakundeen kide da, esaterako: Kalitaterako Espainiako Elkartea (AEC), -horren Eraikuntza-taldearen Idazkaritza du-, Normalizazio eta Ziurtapenaren Espainiako Elkartea (AENOR), -adituekin gure sektorearekin lotzen diren adina Batzorde Teknikoetan parte hartuz-, Aurreatezatuaren Espainiako Elkarte Teknikoa (ATEP), Egitura-hormigoiaren Elkarte Zientifiko eta Teknikoa (ACHE), Eduardo Torroja Institutuak koordinaturiko Kalitate Marken (CIETAN, CIETSID, etab.) Gobernu Batzordeak eta Herrilan eta Hirigintza Ministerioaren INCE Zigiluenak, erakunde publikoekin (Espainiako Errege Akademia, Segurtasun eta Higienerako Institutua, Espainiako hainbat Unibertsitate, etab.) egindako lankidetza-hitzarmenetatik eratorritako Batzordeak, etab.

EKontseilu Orokorrak harreman estua du antzeko lanbide-erakundeekin erkidegoko estatuetan, eta Europar edo mundu mailako honako elkarte hauen kide da:

AEEBC (Eraikuntzako eta Eraikingintzako Adituen Europako Elkartea) CEBC (Kalitatea Kontrolatzeko Europako Partzuergoa), CEEC (Eraikuntzako Ekonomialarien Europako Kontseilua) CIB (Eraikingintzako Ikerketa eta Garapenerako Nazioarteko Kontseilua) iiSBE (Eraikingintzako Ingurune Jasangarriaren aldeko Nazioarteko Ekimena) TEGoVA (Tasatzaileen Elkarteen Europako Taldea) Aparejadoreen eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialek eta Kontseilu Orokorrak sustaturiko laguntza profesionaleko egituren barruan, nabarmendu beharra dago AIE, Eraikingintzaren Ikerketa eta Kontrolerako Institutua. Aipaturikoak, Kontseilu Orokorrean, Korporazioko Kabinete Teknikoaren zereginak burutzen ditu.